Uriarte: “Erabaki garrantzitsuak hartu beharko ditugu itsas mailaren igoerari aurre egiteko”
Itsas mailaren aldaketak ere kontu handiz neurtu behar dira. Espainiako mareografoek frogatu dute maila hori pixkanaka igo dela: urtean bi milimetro, azken 60 urteetan. Baina kontutan hartu behar da kontinentea bera ere mugitu egiten dela: Afrikako plakaren bultzada dela eta, plaka iberriarra altxatzen ari da. Beraz, itsasoaren maila uste duguna baino gehiago igotzen ariko litzateke.
Itsasoaren maila igotzen ari da eta horrek erabaki garrantzitsuak hartzera bultzatuko gaitu, Uriartek esan zuenez: kostaldean babesak eraikiko ditugu uren igoera oztopatzeko? Atzera eta lur barnera jo beharko dugu? Itsasbazterreko lurrak desjabetu beharko dira eta kalte-ordainak ordaindu? Kostatik gertuko hiri eta industria garapenak gelditu beharko ditugu?
Arazo hauek konponbiderik badutela esan zuen Uriartek, baina zehatz ezagutu behar dugu benetan gertatzen ari dena. Horretarako beharrezkoa da iraganean zer gertatu zen jakitea eta iraganeko aldaketa horiek zein eragin izan zuten.
Lan horretan dihardu Uriartek, eta atzo emaitza ikusgarri baten berri eman zien Haitzen hitza jardunaldietako entzuleei: Kantauri itsasoaren hondoaren kartografia berri eta zehatz bat, iraganeko aldaketak ezagutzeko balio duena. “Gure kostaldea azken milaka urteetan nola aldatu den marraztu ahal izango dugu”, aurreratu zuen. Eta atzo erakutsi zuen irudi sorta horretan argi adierazi zituen itsas hondoko terrazen ertzak (antzinako kostaren ertzak zirenak), euskal ibaien itsasoratze zaharrak (adibidez: egungo Kontxako badiatik itsasoratzen zen Urumea ibaiaren arrasto nabarmena…).
No hay comentarios:
Publicar un comentario